XISTERA

Xistera proiektua zesta-punta biziberritzeko ahaleginean sorturiko ekimena da. Euskal Herriko xistera elkarte guztiak bat eginik, eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioarekin bat, aspaldian ahuldadean bizi den kirola berrindartu eta berriro ere osasun onera itzul dadin du helburu.

Xistera zirkuitoko azken berriak jakiteko:http://xistera.eus/                  

2017ko XISTERAren Batzar orokorrerako deialdia

EUSKAL HERRIKO XISTERA KLUBEN KIROL KLUBAK bere bazkide guztiei 2017ko apirilaren 2an egingo den batzar orokorrerako deialdia luzatzen die

Mutrikuko Erdiko Kaleko 28an dagoen ZABIEL jauregian izango da batzarra

Lehenengo deialdia 10:30etan izango da eta bigarrena 11:00etan



XISTERAREN LEHEN URTEKO BALANTZEA

Xistera proiektuaren lehen urtea lau multzo edo lau helburu nagusien bueltan aritu da, aldi
berean, helburu bakoitzak azpi-helburu edo eduki ezberdinak landu dituelarik, beti ere,
Zesta Puntaren mesedetan.

- Zesta punta proiektuaren inguruan ahalik eta elkarte edo pertsona gehien batzea,
guztiok norabide berean indar eginez, pilota jokamoldea berrindartu eta oinarritik
sortutako kirol erreferentea izan dadin. (ZESTA PUNTA, KONPROMEZUA)

- Euskal Herriko zesta punta eskolak indartzea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua
hobetzeko burutuko diren jardueren bidez, gaztetxoek pilota jokamolde honetaz gozatu
eta jokatzen hasteko aukera izan dezaten. (AISIALDIKO ZESTA PUNTA EDO ZESTA PUNTA ESKOLA GARAIAN)

- Zesta punta zirkuitu bat osatzea afizionatu maila ezberdinetan, urte osoko egutegi bat
osatuz, elkarteetan dabiltzan pilotari gazteek kalitatezko txapelketak izan ditzaten.
(AFIZIONATU/PROFESIONAL MAILAKO ZESTA PUNTA)

- Proiektu honen laguntzaz antolatuko diren txapelketen bidez, zesta punta jendearen
ahotan jartzea, ageriko egitea, komunikabide eta herrietako gainontzeko hedabideetan
presentzia nabarmen areagotuz. (GUZTIONTZAKO ZESTA PUNTA)



Balantze guztia irakurri nahi izan ezkero, klikatu beheko linkean

http://xistera.eus/download/Xistera-2016-urteko-balantzea.pdf


XISTERA ZIRKUITOKO FINALEN FINALA 

Xisterako  zuzendaritzatik  iragarri  nahi  dizuegu,  abenduaren  17an,  Markina-Xemeingo 
‘Unibertsitate’  frontoian,  ekainean  hasi eta Euskal Herriko herrialde guztietara eraman 
gaituen Zirkuituko ‘finalen-final’ handia ospatuko dela arratsaldeko 17:00etatik aurrera. 

Azaroaren  3an  Euskadiko  Euskal  Pilota  Federakuntzako  egoitzan  egindako  bileran 
aipatu  genizuen  bezala,  zuei,  klubeko  arduradunei,  esfortzu  bat  eskatu  nahi dizuegu, 
urtarrilaren  9an  gertatu  zen  bezala,  frontoiko  harmailak  berriro  betetzeko.  Orduan, 
Xistera proiektuko aurkezpena zela eta, Markina-Xemeinen giro ederra bizi izan baitzen.  

Abenduaren 17an, erakundeetako ordezkariak bertan egongo dira finalak ikusteko eta 
orain dela ia urte bete emandako hitza bete egin dugula erakutsi nahi diegu. Izan ere, 
lehen  mailako  zirkuitu  bat    atera  dugu  aurrera,  harrobiko  eta  nesken  zesta  punta 
bultzatu  ditugu  eta  modalitate  hau  mundu  osoan  zehar  zabaldu  dugu,  ez  bakarrik 
streaming bidezko emankizunei esker, baizik eta lortutako akordio garrantzitsuekin ere. 
Horren adibide, Mexikoko 10 Katearekin sinatutakoa. 

Horregatik,  ezinbestekoa  da  ‘finalen-final’  honetan  harmailak  betetzea.  Horrela, 
politikoek  zesta  punta  bizirik  dagoela,  ehundaka  neska-mutilek  jokatzen  dutela  eta 
etorkizunean jokatzen jarraitu nahi dutela ikustaraziko da. Hori horrela,  Euskal Herriko 
txoko guztietatik aldarrikapen bat dagoela ikusiko dute eta hori erakundeen babesarekin 
jarraitzeko gako garrantzitsua izango da. 

Abenduaren 17an giro ahaztezina izateko helburuarekin, Xisterak autobusak jarriko ditu 
kluben  eskura.  Horrela,  pilotari,  guraso  eta  afizionatuak  Markina-Xemeingo 
‘Unibertsitate’ frontoira hurbiltzeko erraztasun gehiago izango duzue.                                                                                       

Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak zesta bultzatuko dute Xisterarekin batera

Akordio honekin indarra emango zaio alebin eta infantil mailako zesta puntari
Euskadi, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Federazioak laguntza-akordio batera ailegatu dira Xistera Elkargoarekin eta onuraduna harrobiko zesta punta izango da. Alde batetik infantilak, 2003 eta 2004. urtean jaiotako puntistak, eta bestetik alebinak, hau da, 2005 eta 2006an jaiotakoak.
Akordio hau dela eta, aipatutako lurraldeetan eskolar mailan dauden pilotariak dagoeneko hasi dira kiniela ezberdinak jokatzen. Elkarte honek materiala emango die partaideei, beraz, kurtso honetan eskolar mailan aritzen direnek ekainean hasi eta arrakastatsua izaten ari den nagusi eta gazte mailako Xistera Zirkuituko pilotariek jazten dituzten kamiseta berdinak eramango dituzte.
Urtarrilaren 9an, Markina-Xemeingo Unibertsitate frontoian egindako aurkezpenean, zesta punta umeen artean bultzatzeko beharra adierazi zen. Ekainean zirkutuaren aurkezpenean ere, Ibon Urreisti presidenteak honako hau azpimarratu zuen, “Xisteratik harrobiko mezu bat zabaldu nahi dugu, harrobirik gabe ez baitago etorkizunik”.Oinarriak argi eta garbi utzi zituen eta gauzak horrela, urrats bat eman da Xisterako helburu nagusienetariko bat lortzeko bidean.
Era berean, Getxoko Fadura eta Bilboko Club Deportivoko frontoian urriaren 29 eta 30ean ospatutako Emakumeen Nazioarteko I. Zesta Punta Topaketan ikusi zenez, eskolar mailan dauden neska ugarik zestan aritzea erabaki dute, hori nabarmentzekoa da eta espezialitate honen alde lan egiten ari direnentzat pozik egoteko modukoa da. 

Emakume puntistek bere burua aldarrikatu dute Nazioarteko Topaketan

Hogeita hamar pilotari inguruk erakutsi zuten bere kalitatea asteburuan Getxon eta Bilbon
Adin guztietako ia hogeita hamar emakume puntistek bere kalitatea erakutsi zuten iragan asteburuan Getxoko Fadura eta Bilboko Deportivo Klubeko frontoietan ospatutako lehen Nazioarteko Topaketan. Xisterak antolatu zuen ekitaldia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko eta Euskadiko Federazioa eta Getxo Kirolak-eko babesarekin.
Aipatutako bi pilotalekuetan Euskal Herriko hainbat herri eta hiriko puntistak bildu ziren. Berriatua, Markina-Xemein, Mutriku, Biarritz, Donibane Garazi, Gasteiz eta Donostiatik, hain zuzen ere, eta haiekin batera, Kataluniatik Bartzelonako eta Montornes del Valleseko pilotariak eta Frantziatik Parmiers, Pau eta Pariseko pilotariak ere etorri ziren.
Ekitaldi hasieran, jokatzen hasi berri diren neskek hartu zuten parte. Elkarrekin jokatzen gozatu eta amaitzeko xisterarekin lotutako jolas baten aritu ziren. Jarraian, alde batetik infantil mailako puntistak, eta bestetik, nagusi mailakoak, hamar tantorako sei taldeko bina kiniela jokatu zituzten eta puntu gehien lortu zituzten bi bikoteak hamar tantorako beste partida batean aritu ziren nor baino nor.
Aintzindaria izan den topaketa hau oso aberasgarria izan da partaideentzat eta Bartzelonako klubeko Mariona Cañísek zioen bezala, “gure herrian horrelako ekitaldi bat izatea gustatuko litzaiguke, zesta puntari bultzada emateko”. Era berean, emakume guztiak animatu nahi ditu, “zesta-punta proba dezaten”.
Gazteen artean, Gasteiz Jai Alaiko Itxaso Moralesek gogoratzen zuen nola “nire amak zestaz jokatu nahi zuen, baina ez zuen aukerarik izan, eta orain nik, berriz, badaukat jokatzeko aukera”. Xisterako Eskolen Sustapen Arloko arduraduna den Izaro Arbek topaketa honen garrantzia nabarmentzen du eta “hau lehen pausu bat da proiektuaren barruan”, adierazten du, “gure asmoa zesta puntan gero eta neska gehiago izatea delako”.